XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Nasara gabe topo egiten du gorago aipatu langile taldearekin.
-Alajaina!
-Horrenak egin din.
-Domingo-eta topatu ditin bidean.
-Jainkoak goarda dezala!
-Gaur sesioa izan diten Morucorekin eta ez dinat uste bere erretolika jasotzeko moduan egongo direnik.
-Gizagaixoa.
-Astindu galanta emango ziotek orduan.
Nestor zaharrak ere barraldea utzi eta tokia egin du bi nagusien artean.
Liskarra hasi da dagoeneko.
-Bihoa bere kalakarekin beste norabait, aita, hemen ez da giro!
Garbi entzun da Domingoren demanda.
-Lotu ezazu zure mihi pozoitsua, bekatari horrek, eta hasi Jainkoari barkamena eskatzen, berandu baino lehen!
-Utikan, bele mokokari hori, ez nago-eta aldarte onean!
Beste langileen betosko ilunek hitz haien egiaz ohartarazi behar zioten apaizari, baina arrangurak itsututa dago arraso, eta ez die Domingoren mehatxuei beren benazko tamaina hartu.
-Eliza Santuaren atariraino ailegatzen ausartu zarete!
-Ez zenuten aski estazio madarikatu honekin, eta ia-ia elizan bertan sartu duzue infernua!
-Gure lokalek enbarazu egiten badiote errezuak egiteko, bihoa Santiagora erromes, eta ez bedi santa-sekulan berriro etorri.
-Horixe, ba-bai! Eta de-deskuidatzen bada eliza be-bera hartuko dugu gure bi-bileretarako!
-Edo gure partidetarako!